|
GEURE JARDUERA

Onuradunak

Fundazioaren onuradunak izango dira honako baldintza hauek betetzen dituzten buru-gaixoak:
-
Lege babesa edukitzeko ezgaitasun-aitorpena, osoa edo partziala, behar izatea.
-
Bere lege babesa sustatu edo tutoretza karguak hartu ahal dituen senide edo hurbilekorik ez edukitzea edota pertsona horiek ezin badute edo funtzio horiek egiteko baldintzetan ez badaude edo nahi ez badute.
- Auzotasun zibila Araban izatea, gutxienez bi urtekoa.
Onuradun izateko nahitaezkoa izango da Fundazioaren Patronatuak horrela ebaztea. Inpartzialtasunez eta bereizkeriarik gabeko irizpideekin egingo du.
Proposamen oro proposaturiko pertsonaren gaineko osasun-txosten batek eta gizarte-txosten batek lagunduko dute. Fundazioak onuradunei emandako zerbitzuak Kode Zibilaren 274. eta 275. artikuluetan ezarritako moduan ordaindu ahal izango dira. .
Igo

Tutoretza programa

Uste dugu ezgaitasun-aitorpena salbuespenezko egoera dela, pertsonak tutoretza horrek emango dizkion laguntzak behar dituen esparruetara mugatu beharrekoa.
Halaber, uste dugu pertsona juridikoek buruturiko babesak dauden aukeren arteko azkena izan behar duela, eta babes hori bakarrik eman behar dela familia ingurunean ematea ezinezkoa edo ezgaituarentzako kaltegarria bada.
Tutoretza osotasun bakar gisa ulertzen dugu, hala ere, era berean, hiru ikuspegi ezberdin hartzen dituena: juridikoa, ekonomiko-administratiboa eta artapen psikosoziala. Esparru bakoitzean banakako lan metodoa ezartzen diogu babesturiko pertsona bakoitzari, kasu bakoitzaren berezitasunei erreparatuta, Kode Zibilak xedatzen duen moduan.
Tutoretza honako arlo hauetan garatzen da:
Legezkoa:
Lege Arloko jarduera batzuk honakook dira:
- Ondasunen inbentarioa egitea
- Prozesu judizialetan esku hartzea eta jarraipena egitea.
- Epailearen baimen-eskaerak.
- Irregulartasunen salaketa.
- Pertsonaren inguruko urteko txostenak.
Jarduera hauek guztiek tutelaturiko pertsonen eskubideen defentsa ekartzen dute eta pertsona hori esparru zibil, penal, administratibo eta sozialean babesten dute, epaitegietara agertuta eta, hala badagokio, aholkularitza juridikoa jasota.
Ekonomikoa:
Esparru honetan, gure lanak tutelatzen dugun pertsonaren ondasunak modu zorrotz eta eraginkorrean administratzean eta epaitegiari helarazten dizkiogun kudeaketa horien gardentasunean jartzen du arreta.
Fundazioak, babesturiko pertsonen ondasunak administratzeko, banakako kontabilitate informatizatuak egiten ditu.
Esparru ekonomiko eta administratiboko lanak era askotako jarduerak garatzen ditu:
- Saldoen zaintza.
- Eskuko diruaren eguneroko administrazioa.
- Ondarearen kontabilizazioa eta kudeaketa.
- Zerga-betebeharrak.
- Urteko kontuak ematea.
- Pentsio eta diru-laguntzak izapidetzea eta berritzea.
- Aseguruen kudeaketa.
- Ondasun higiezinen mantentze-lanak eta jarraipena.
Psikosoziala:
Esparru honetako xede nagusia izan da eta bada tutelaturiko pertsonekin harreman esanguratsuak ezartzea, Fundazioko langileen eta bertako tutore-ordezkarien bidez, pertsonaren gaitasunak sustatzea ahalbidetuko duen harreman pertsonal, hurbil eta beroak finkatzeko.
Esparru honetan banakako planak ezarri dira tutelaturiko pertsona bakoitzarentzat, osasun-maila ona, egoitza-zerbitzu egokia, behar bezalako higiene pertsonala, aldarte ona, ahalik eta aisialdiaren betetze normalizatzaileena eta, ahal den neurrian, familia komunikazio onuragarria lortzeko helburuarekin. Hori guztia pertsonaren autonomia maila kontuan hartuta, gizarteratzen lagunduko dioten eguneroko jardueretan parte har dezan.
|
 |
Igo
Urteko txostena

Igo
|