ZER DA EZGAITASUNA?
Mekanismo juridikoa da eta baliatzen da izaera fisiko edo psikikoko gaixotasun edo urritasun iraunkorrak direla-eta pertsona batek ezin bere burua gobernatu badu, eta helburua pertsona horren interesak eta eskubideak defendatzea da, bai maila pertsonalean, bai ondareari dagokionez.
NON ETA NORK ESKA DEZAKE?
Ustez ezgaitua den pertsona bizi den tokiko Lehen Auzialdiko Epaitegian ekin behar zaio prozesuari, demanda-idazki baten bitartez, eta horretan ustez ezgaitua den pertsona bat dagoela jakinarazi behar zaio Epaileari. Honakoek eska dezakete:
- Fiskalak, behin babesgabetasun-egoera ezagututa agintari, funtzionario publiko edo beste edozein pertsonarengandik jaso ditzakeen jakinarazpenen bidez.
- Ustezko pertsona ezgaituak.
- Senideek (ezkontideak, izatezko bikotekideak, ondorengoek, aurrekoek edo anai-arrebek).
ZEIN BERME ESKAINTZEN ZAIZKIO USTEZKO EZGAITUARI PROZESU JUDIZIAL BATEAN?
Ustezko ezgaituak berak hautaturiko defentsa eta ordezkariekin joan daiteke prozesura. Hori egingo ez balu, Ministerio Fiskalak defendatuko du, betiere prozeduraren sustatzailea bera izan ez bada. Bestelako kasuetan defendatzaile judizial bat esleituko zaio. Ezgaitasun-prozesuan auzitegiak ustezko ezgaituaren senide hurbilenei entzungo die, ezgaitua aztertuko du eta nahitaezko edo beharrezko adituen irizpenak ebatziko ditu, demandaren eskariei era legeek aurreikusitako bestelako neurriei dagokienez.
EZGAITASUN-MAILAK:
Epaileak ezgaitasunaren hedapena eta mugak ezarriko ditu epaian, eta honakook izan daitezke:
- Partziala: Jarduera mota zehatz bati eragiten dio.
- Osoa: Jarduera guztiei eragiten die.
NON JASO BEHAR DA EZGAITASUN- AITORPENA?
Erregistro Zibilean jaso behar da, pertsonaren aldaketa zibila dakarren heinean. Halaber, ondasunak edukiz gero, komenigarria da Jabetza-Erregistroan ere jasotzea.
ZER DA TUTORETZA?
Ezgaitasun-epaiaren arabera ezgaituak bere kabuz egin ezin dituen jardueretan hura ordezkatzea da, esparru pertsonal eta ekonomikoko jardunetan, hain zuzen.
Araubide juridikoa Kode Zibilaren 222. eta hurrengo artikuluetan dago jasota.
NOR IZAN DAITEKE TUTORE?
- Pertsona fisikoak: Senideak (ezkontidea, aurrekoak eta ondorengoak).
- Pertsona juridikoak: Tutoretza fundazioak.
- Tutoretza pertsona batek baino gehiagok burutu dezakete.
- Ezin dira tutore izan euren seme-alaben zaintza galdu dutenak, kartzelan daudenak, kontrako interesak dituztenak edo ezgaituarekiko etsaitasuna dutenak eta tutorearen betebeharrak behar bezala betetzea eragozten duten bestelako egoerak dituztenak.
NAHITAEZKOA DA TUTORE KARGUA?
Legeak dio tutore kargua derrigorrezkoa dela. Hala ere, tutoreak karguari uko egin diezaioke adina, gaixotasuna, betebehar pertsonal edo lanekoak direla-eta, tutoretza burutzeak gehiegizko zama badakarkio edo tutoretza-funtzioa betetzea oso zaila egiten duen bestelako arrazoiren batengatik. Azkenean Epaileak baloratuko ditu arrazoi horiek eta berak erabakiko du tutorea kargutik aske utziko duen ala ez.
TUTOREAREN BETEBEHARRAK
- Ezgaitua artatzea, beharrezkoa egitea haren beharrak (elikadura, jantziak, egoitza, harreman sozialak,…) estalita egon daitezen eta haren egoera Epaileari urtero jakinaraztea.
- Tutelaturiko pertsona ordezkatzea ezgaitasun-epaian adierazitako jardueretan. Ordezkaritza hau epailearen zaintzapean dago eta legezko muga garrantzitsuak dauzka.
- Tutelaturiko pertsonaren ondasunak “familiako guraso baten ardurarekin” administratzea. Funtzio honek, hasieran ondasunen inbentarioa egiteaz gain, administrazio hutseko jarduerak edo ondasunen kudeaketa ere eragingo ditu, baita ondasunak baliatzeko jarduerak ere, nahiz eta azken hauek epailearen erabateko zaintzapean egon.
Tutoreak epailearen baimena eskatu behar du honako jarduera hauetarako:
- Tutelatua buruko osasun-zentro edo hezkuntza edo prestakuntza bereziko zentro batean sartzeko.
- Ondasun higiezinak (finkak, etxeak), merkataritzako edo industri establezimenduak (dendak, saltokiak, lantegiak), objektu ederrak (bitxiak, artelanak) eta balore higigarriak (enpresetako akzio edo partaidetzak) saldu edo zergapetzeko, lehentasunezko akzio-harpidetzako eskubidea izan ezik.
- Tutelatuaren izenean kontratuak egiteko edo Jabetza-Erregistroan jaso beharreko egintzak egiteko.
- Tutelatuari interesatu dakizkiokeen eskubideei uko egiteko, auziak onartzeko edota horiek arbitrajera eramateko.
- Jarauntsia edo bestelako dohaintzak inbentario-onurarik gabe onartzeko edo uko egiteko.
- Ondasunekin aparteko gastuak egiteko.
- Tutelatuaren izenean demanda bat jartzeko, auzia premiazkoa edo munta txikikoa izan ezean.
- Ondasunak errentan 6 urtez baino gehiagotan uzteko.
- Dirua maileguan emateko edo eskatzeko.
- Dohainik, hau da, trukean ezer jaso gabe, tutelatuaren ondasunak edo eskubideak erabiltzeko.
- Tutelatuak tutorearen kontra dauzkan kredituak hirugarrenei emateko, edo kostu bidez, hau da, ordainduta, hirugarrenek babestuaren kontra dituzten kredituak eskuratzeko.
Eragiketa hauek baimendu baino lehen, Epaileak Ministerio Fiskalaren txostena eskatuko du, eta hala badagokio, tutelatuari entzungo dio.
TUTOREAK BURUTU EZIN DITUEN JARDUERAK
- Ezin du tutelatuarengandik ez dohaintzarik jaso, ez ondasunik eskuratu.
- Ezin du bere interesak jokoan dauden jardueretan ordezkatu. Kasu hauetarako legeak defendatzaile judizialaren figura aurreikusten du, tutelatua defendatu eta ordezkatzen duena.
TUTOREAREN BETEBEHARRAK
Erabaki arbitrarioak edo tutelatua kaltetuko dutenak har daitezen ekiditeko, honako betebehar hauek ezartzen dira:
- Tutelatuaren ondasunen inbentarioa egitea, tutoretza onartu eta hurrengo 60 egunetan. Inbentario hau Epaileak onartu behar du, eta tutelatuaren ondasun eta eskubide guztiak jasoko ditu, baita erantzun beharreko kargak eta zorrak ere.
- Urtero tutelatuaren egoera pertsonalari eta ondareari buruz epaitegia informatzea eta egindako administrazioaren urteko kontuak ematea. Edozein unetan epaitegiak ezgaituaren egoerari buruzko informazioa eskatu diezaioke tutoreari.
- Azken kontu-ematea, epaitegian tutore funtzioak bukatu eta hurrengo 3 hilabeteen barruan aurkeztu beharko dena.
TUTOREAREN ESKUBIDEAK
- Tutelatuak errespetua zor eta obeditu egin behar dio tutoreari, eta honek laguntza eskatu ahal izango die agintariei bere kargua garatzeko.
- Soldata jasotzeko eskubidea du, tutelatuaren ondareak hala ahalbidetzen badu. Epaileak ezarri behar du zenbatekoa.
- Babesa burutzean jasan ditzakeen kalte-galeren ordainketa jasotzeko eskubidea du, tutelatuak ondasunak izanez gero eta tutoreak kalte-galera horien errurik ez badu.
NOIZ BUKATZEN DA TUTORETZA?
- Tutelatua edo tutorea hiltzen bada
- Ezgaitasunari amaiera jarriko dion edo ezgaitasun-epaia aldatuko duena epaia badago, tutoretzaren ordez kuradoretza ezarrita.
ZER DA KURADORETZA?
Tutoretzaren bestelako babes-neurria da. Aldeak hauek dira:
- Ezgaituaren ondasunen administrazioari baino ez dio eragiten, esparru pertsonala ukitu barik
- Pertsonari laguntzean datza, ez ordezkatzean, beraz, kuradoreak zenbait jarduera egiten lagunduko dio
Ezgaitasun-epaiak kuradoreak egin beharreko egintzak zehaztuko ez balitu, Kode Zibilaren arabera baimen judiziala behar duten jardueretara hedatuko dela ulertuko da.
AUTOTUTORETZA
Jarduteko gaitasuna duen pertsonak, etorkizuneko ezgaitasunari begira, beharrezkotzat jotzen dituen xedapenak adierazteko duen aukera da.
Notario aurreko dokumentu publikoan egiten da eta Notarioak Erregistro Zibilari jakinarazi behar dio, inskriba dezan. Epaileak, horretara behartuta ez badago ere, borondate hori errespetatu eta tutore izendatu ohi du interesdunak bere borondatea adierazteko gaitasun osoa zuenean aukeraturiko pertsona.
TUTORETZAREN IKUSPEGI OROKORRA
Ezgaitasuna, bakarrik pertsonaren onerako beharrezkoa bada.
Tutoreak konprometituta egon behar du.
Prozedurak 6 bat hilabeteko iraupena du.
Gurasoek, testamentuan, dagoeneko ezgaituak dauden seme-alabentzako tutorea izenda dezakete .
Ezgaitasun-prozedurak 3 fase ditu:
1. Hasiera
- Ezgaitasuna ebazteko eskumena duen Epaitegia da ustez ezgaitua den pertsona bizi den tokiko Lehen Auzialdikoa.
- Senideek edo bestela Ministerio Fiskalak sustaturiko demanda bidez ekiten zaio prozesuari. Senideek bitarteko ekonomiko nahikorik ez badute, ofiziozko abokatua eska dezakete.
- Abokatuak eta prokuradoreak senide sustatzaileari eta ustezko ezgaituari laguntza ematen diote edo defendatzaile judizial gisa aritzen dira ezgaitasuna Ministerio Fiskalak sustatuz gero.
- Ezgaitasun-prozeduran munta txikiko epaiketa adierazlearen arauak jarraitzen dira.
2. Froga fasea
Froga batzuk nahitaezkoak dira:
- Ustezko ezgaituaren azterketa.
- Senide hurbilenei entzutea.
- Medikuaren irizpena: auzitegiko medikua
Gainera, Epaileak ofizioz beharrezkotzat jotzen dituenak agindu ditzake.
Bestelako froga lagungarriak:
Demandari honakook erantsi dakizkioke: psikologo, osasun-zentro edota psikiatren txostenak; minusbaliotasun- edo mendekotasun-aitorpenak; pentsioak eta abar.
Epaileak lekukoak dei ditzake, dela demandan aurkezturiko txostenak berresteko, dela ustez ezgaitua den pertsonaren egoerari buruz deklaratzeko.
3. Epaia
Bertan ezgaitasunaren hedapena eta mugak eta ezgaituari ezarri beharreko tutoretza- edo zaintza-erregimena zehaztu behar dira.
Prozedura Zibilaren 1/2000 Legeak aipatzen du ustez ezgaitua den pertsonari laguntza emango dion edo hura ordezkatuko duen pertsona epaian izendatzeari buruz.